Ikastolaren historia

Hirurogeita hamargarren hamarkadan Arabako Foru Aldundiak  ikastola sarea lortzeko plangintzari ekin zion gure lurraldean euskara bultzatzeko asmoz.
Plangintza horren barruan, Aldundiak  gaur egun gure ikastola dagoen eraikuntza altxatu zuen eta 1983-84 ikasturtean  bertan hasi zen lanean. Ikasturte horretan eskolaurreko (3, 4 eta 5 urtekoak) eta 4. mailara bitarteko Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikasleek ekin zioten. Berauek hezteko, 13 irakasle eta zuzendaria hasi ziren lanean. 13 irakasle horietatik batzuek lanean segitzen dute bertan;  beste batzuek beranduago ekin zioten eta beste batzuk denbora mugatu batean arituta joan egin ziren; baina guztiek egin dute zerbait ikasleen prestakuntzaren eta ikastolaren funtzionamenduaren alde.
Lehen eraikuntzak funtzionatu zuen lehen hiru ikasturteetan ikasle guztiek bertan ikasten zuten, Eskolaurreko Hezkuntzarako ondoko eraikuntza egin arte, 1986-87 ikasturtean ekin ziona.
Hasieran gure ikastola B ereduan hasi zen, zeinaren bitartez gai  guztiak euskaraz ikasten baitziren, matematika eta irakurketa-idazketa izan ezik. Hiru urte  igarota, matematika euskaraz irakasten hasi zen eta urte batzuk geroago hezkuntza eredua aldatu zen, D ereduan ikasteari ekinez.

Gure ikastolako hastapenak ilusioz beteak izan ziren eta gurasoen eta irakasleen esku hartzea eta elkarlana oso handiak ziren, guztiok gure lurraldean euskaraz hitz egitea nahi baikenuen. Ilusio haren ondorioz, gaur maitasunez gogoratzen ditugun jarduerak burutu ziren.. Haietako bat aipatzearren, gogora ditzagun 1985-86, 86-87 eta 87-88 ikasturteetan eta irailean Zuhatzara egin izan ziren astebeteko irtenaldiak, zeinetara ikasle eta irakasleez gain guraso eta begirale pilo bat joaten baitzen.
Baina, nahiz eta jarduera hori  ez burutu gaur egun, gure ikastolak irteerak egiten jarraitzen du bost urtetik gorako talde  guztiekin. Honez gain, Euskal Herriko jai herritar guztiak ospatzen segitzen dugu: Olentzero eta Mari Domingi, Santa Ageda, Inauteriak, Euskararen Astea... gure umeei ospakizun hauekiko atxikimendua eragiteko asmoz.
Gure ikastolaren ezaugarri bat beti izan da gure irakasleen  ahaleginak ikasle heziketa maila hobetzearren. Horren ondorioz, gure ikastola aitzindari izan da ondoren beste ikastetxe publiko batzuetara zabaldu izan diren hezkuntza proiektu askotan. Hauetariko batzuk aipatzearren, honako hauek: ingelesa erakusten hastea lau urterekin (1995- 96 ikasturtean), informatika teknologia berriekin erlazionatuak (Premia programa, Testu  telematikoak eta "Heldutasun teknologiko eredua ikastetxean" deritzona).
1995-96 ikasturtean  jantokia zabaldu zen gizarte aldaketak eragindako errealitate bati erantzuna emateko asmotan, hau da, kasu askotan guraso biek lan egiten zuten eta behar zuten jantoki zerbitzua. Zabaldu zenetik gora egin du jantokian geratzen diren umeen kopuruak: hasieran berrogei  batek bazkaltzen zuen jantokian eta aurtengo ikasturtean ehun eta hamar bat dira egunero bazkaltzen dutenak. Gainera, ematen du egunero gero eta gehiago izango direla. Hori dela eta,  jantokia handitzeko lanak 2019ko udan burutu ziren. 


Lanean aritu garen urte hauetan denetariko aldaketak izan ditugu:
Hezkuntzan. Ikastola funtzionatzen hasi zenean, 1970ko Hezkuntza Lege Orokorrari  lotuta geunden, zeinaren bitartez, gure ikastolan Eskolaurreko Hezkuntza eta Oinarrizko  Hezkuntza Orokorra ematen baitziren. Ikasleak 3 urtetik  14 urtera bitartean egoten ziren ikastolan, ondoren institutura pasatzen zirelarik. Baina 1996an LOGSE  delakoa jarri zen indarrean eta hezkuntza sistema aldatu zen: Eskolaurreko Hezkuntza, Haur Hezkuntza izatera pasatuko zen eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorra, Lehen Hezkuntza.  Gurasoek nabaritu zuten aldakuntzarik garbiena zera izan zen: beren seme-alabak 6. Mailara arte egon behar zutela ikastolan eta 12 urterekin Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxe batera pasa behar zutela.
Hezkuntza sarearekikoak. 90. hamarkada hasieran gure ikastola, ordura arte  Arabako Aldundiari zegokiona, Eusko Jaurlaritzaren menpeko ikastola publiko bihurtu zen.


Teknologikoak. Arlo guztietan aldaketa esanguratsuak egon dira, baina hauek dira irakasleei  gehien eragin dietenak. Urte hauetan guztietan gure ikasleekin eta ikasleentzat lana prestatzeko berrikuntza asko egon dira: hasieran erabiltzen ziren kalkoak, gelatinazko azpilak,  multikopista, idazmakinak ( 6.,7. eta 8. Mailetako ikasleei mekanografia klaseak ematen  zitzaizkien). Haur Hezkuntzan ere eman dira aldakuntzak (inprenta, idazmakinak...). Gaur  egun, informatika aroan, metodo hauek guztiek ez dute batere balio, ordenagailuak  baitira  gure lana eta ikasleekikoa prestatzeko tresna nagusia.


Ingurunean. Orain dela gutxi arte gure ikastola hiri kanpoan zegoen. Bertatik Gasteiz ondoko zenbait mendi ikusten ziren. Baina Salburua auzoa eraikitzearen ondorioz, aldaketa handia izan da; dagoeneko ez gaude hiritik kanpo eta inguruko ikuspegia guztiz ezberdina da, etxe handiz inguratuta baikaude.
Ikastolako eraikuntzarekikoak. Urte hauetan zehar eragozpenak izan dira eraikuntzan. Bitxikeria gisa, gogora dezagun Haur Hezkuntzako eraikuntzan hasieran oso tenperatura altuak pairatu behar izan zituztela, teilatua egiteko erabilitako materialaren ondorioz. Egoera jasanezina zen eta konponbiderik topatzen ez zutenez, gurasoek eta irakasleek sarrerako atea adreiluz tapatu zuten protesta gisa, arazo larri honen aurrean arreta bereganatzeko. Horren ostean arazoa konpondu zen.


Lehen Hezkuntzako eraikinean ere teilatua aldatu behar izan zen, itoginak  kentzeko. Horrez gain, barruan ere aldaketak egin izan dira ikastolako betebehar berriei  erantzuteko (jantokia, informatika gela, komunetako berrikuntzak...).
Baina historia honen atal nagusia bertan ikasi eta hezi diren ikasleek osatzen dute. Badakigu haien artean arkitektoak, sendagileak, ostalariak, artistak, kirolariak, erizainak, irakasleak, entrepresariak eta abar daudela. Espero eta desio dugu guztiak atsegin handiz gogoratzea beren ikastolako ikastaldia eta ez bakarrik ikasketetan baizik eta pertsona osoak izaten lagungarri izatea.
Seguraski  historia honetan gauza asko aipatu gabe geratu dira.  
Hala eta guztiz, ilusio berberaz segituko dugu lanean etorkizuneko belaunaldiak egoki hezteko.